Teklatuak, bakterioz gainezka



Yüklə 8,9 Kb.
tarix17.01.2018
ölçüsü8,9 Kb.
#21011

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2008-09-04&orria=044&kont=007

2008-09-04 603 hitz

Ikusi ez arren, aurrean daude. Teklatuetako letra eta zenbakien artean bizi dira. Bakterioen etxe bihurtzen da denborarekin teklatua. Hatzekin batera mugitzen dira, letraz letra saltoka.

Teklatuak, bakterioz gainezka

Lorea Morlesin - Gasteiz

Which? Computing Erresuma Batuko kontsumitzaileen elkarteak egindako ikerketa baten arabera, ordenagailuetako teklatuak bakterioz gainezka daude. Antza denez, bakterio mordoa pilatzen da teklatu eta saguetan, eta horiek gaixotasunak eragiten dituzte.

Egindako ikerketa horretan, Londresko bulego arrunt bateko 33 teklatu aztertu zituzten. Horiez gain, komun bateko eserlekua eta ateko heldulekua ere hartu zituzten ikerketarako, bertan zegoen mikrobio kopurua ikusteko. Emaitzak, harrigarriak benetan: lau teklatu osasunerako arriskutsuak zirela ondorioztatu zuten. Gainera, bat kentzera aholkatu zuten, muga gisa jartzen den baino 150 bakterio gehiago zeuzkalako. Horrek esan nahi du komuneko eserlekuaren azterketan atera zirenak baino bost aldiz zikinago zegoela teklatua.

Bakterioak modu askotara pasa daitezke leku batetik bestera. Gehienetan, ordenagailu aurrean jateak, hautsak, ileek edota zikinkeriak eragiten dute bakterioen hazkuntza. Bakterioak leku batetik bestera pasatzea ere oso erraza da. Komunera joan ostean eskuak garbitzen ez badira, eskuetatik teklatura pasatzen dira. Teklatua erabili ostean hatzak ahora eramateak edota eskuekin jateak bakterioak gorputzera pasatzen ditu, eta horrela, gaixotasunak harrapa daitezke. Eskuak dira, beraz, bakterioen eroale.

Escherichia coli bakterioa da teklatuetan aurkitu dutenetako bat. Gehienetan animalia eta gizakien hesteetan egon ohi da. Digestio prozesuetan izan ohi du eragina gehienbat. Toxina indartsu bat sortzen du, eta horren ondorioz, gaixotasun larriak sor ditzake. Hesteetako arazoak, beherakoak eta odol galtzeak eragin ditzake, baina baita beste hainbat gaitz ere: arazoak iraitz aparatuan, meningitisa, peritonitisa, mastitisa, septizemia eta pneumonia, besteak beste. Gainera, pilatzen diren bakterio horiek sortzen dituzten gaixotasunak aise kutsatzen dira. Horregatik, oso erraza izan ohi da bakterioak batak besteari pasatzea.

Antza denez, badira bakterioen arazoari aurre egiteko teklatu bereziak ere. Staphylococcus aureus bakterioari aurre egiteko teklatu berezi bat sortu dute Erresuma Batuan. Bakterio mota hori ere pilatzen da teklatuetan, eta gainera, penizilinari ere aurre egiten omen dio. Asmatu duten teklatu mota horrek %70 murrizten omen du gaixotzeko arriskua. Teklatua silikona kapa batez estalita dago, eta garbitzeko erraza da. Hala, bakteriorik ez da pilatzen bertan, eta gaixotasunak harrapatzea zailagoa da. Gainera, teklatuak argia duen alarma bat dauka, garbitzeko premia dagoela abisatzeko. Teklatu mota hori ospitaleetan erabiltzen dute.

Horri guztiari aurre egiteko, hau da, bakterioen kutsadura saihesteko, ordenagailua erabili aurretik eta erabili ostean eskuak garbitzea gomendatzen dute, bakterioak alde batetik bestera ez eramatea. Horrez gain, ordenagailu inguruan ez jatea eta ez edatea ere komenigarria da. Azkenik, teklatua garbi izatea da bakterioen kontra egiteko ohitura onuragarriena.

Teklatuak nola garbitu

Teklatuak zikin daudenean, sarri geratu ohi dira botoiak trabatuta, eta zenbaitetan, ez dute idatzi ere egiten.

Zikinkeriaren partikula handienak kentzeko errazena teklatua buruz behera jarri eta astintzea da, ezkerrera, eskuinera eta aurrera eta atzera. Hori da maizen-maizenik egin behar den garbiketa. Aire konprimituarekin garbitzea ere oso gomendagarria da.

Teklak zikin badaude, sistema itzali eta desentxufatu ostean, trapu heze bat teklen gainetik pasatuz garbi daitezke. Pintzela edo isipu heze bat erabil daiteke teklen ertzetarako.

Inoiz ez da bota behar likidorik zuzenean teklatuaren gainera. Bertara likido apur bat jausten bada, egun oso bat utzi behar da erabili gabe, lehortu arte. Zenbaitek kotoi apur batekin alkohola erabiltzea ere gomendatzen dute. Horretarako, lehendabizi ordenagailua itzali eta teklatua deskonektatu behar dira. Hala ere, teklatu batzuetan alkoholak pintura ezabatzen du, letrak ere desagerraraziz. Alkohola erabili ostean, pintzel edo bastoi batekin teklen arteko zikina kenduz lortuko da teklatua garbitzea.

Merkatuan badaude, hala ere, teklatuak garbitzeko tresna bereziak. Horietako bat xurgagailu antzeko tresna bat da. USB bidez ordenagailura bertara konektatu, eta bertako zikinkeria xurgatzen du teklatua garbituz. Erabiltzeko oso errazak dira.



Ikusten denez, teklatuak garbi edukitzea eta horrela bakteriorik ez pilatzea ez da askorik kostatzen. Horrela ekidingo dugu ordenagailuaren aurrean gaixotasunak harrapatzea.
Yüklə 8,9 Kb.

Dostları ilə paylaş:




Verilənlər bazası müəlliflik hüququ ilə müdafiə olunur ©genderi.org 2024
rəhbərliyinə müraciət

    Ana səhifə